ONGI ETORRIAK!!!
Jolasa, haurraren berezko bide naturala da giza garapena ahalbidetzen duten hainbat prozesu kognitibo, gorputzarenak, afektuzkoak eta sozialak abian jartzeko. Umeek jolasa behar dute ikasteko.

2011/11/02

Jolas heuristikoa

Jolas Heuristikoa, 0-3ko eskolan garatzen da, 12 hilabetetik 20-24 hilabeteetara
hain zuzen ere. Talde txikian egiteko jolasa da. Haurren bapateko ekintzak erabiltzen
dira jolasean. Era berean, pentsamendua, hizkuntza, erlazio pertsonalak eta haurren
ekintzak estrukturatzen laguntzen du. Bi fase ditu: lehendabizikoan, haurrek materiala
aztertzen dute eta objektu batzuk besteekin konbinatzen dituzte. Bigarrenean aldiz,
hezitzaileak gidaturik eta era antolatu batean, haurrek materiala jasotzen dute. Hala
eta guztiz ere, aipatu behar da jolas heuristikoak ez dituela normalean eskolan egiten
diren gainontzeko ekintzak alde batera uzten.
Materiala: hiru material mota daude, objektuak, edukiontziak eta poltsak.
Erabilera ludiko jakin bat ez duten objektuak erabiltzen dira, baina elkarren artean
konbinatzeko errezak direnak: naturatik jasotakoak, etxean, dendetan e.a.-etan
bilatutakoak, jokuarentzat espreski eginak edo erositakoak. Zenbat eta aukera
zabalagoa izan, orduan eta konbinazio handiagoak eskeini ahal izango dira.
Edukiontziak bere barnean edozein gauza gordetzeko prestatuak egon behar
dira: edukiera sakona, gogorrak eta haurrek errez erabiltzeko prestatuak.
Poltsak telazkoak izango dira eta irekigunea josita egotea komenigarria da
identifikatzeko errazagoa suerta dadin. Poltsek bi funtzio nagusi izango dituzte: jolas
materialak txukun gordeta izateko eta jokuak irauten duen bitartean, materialak jaso
ahal izateko.

Sesio baten garapena: sesio bakoitzaren hasieran, irakasleak jokua garatuko
den gela prestatuko du; erabiliko ez den material guztia alde batera utzi eta jolas
heuristikoan beharrezko izango den espazioa sortuko du. Hiru edo lau objektu mota
aukeratuko ditu. Poltsetatik objektu mota bakoitzeko unitateak atera eta edukiontziak
prestatuko ditu. Gelako lurrean, distantzi berdinera dauden bost puntu ezberdinetan
edukiontziak kokatuko ditu. Beste tokietan aukeratutako objektuak utziko ditu, poltsak
jaso egingo dituelarik.

Hezitzaileak haurraren garapenaren kontrola eraman behar du, hori
behaketaren eta apunteen laguntzaz egingo du. Lasaitasunez behatu behar du haurren
ekintza eta honen bidez taldearen ikuspegi globalaren ideia atera dezake. Bera gelako
aulki batean eseriko da, non hau, estrategikoki kokatua egongo den gelako ikuspuntu
osoa hartzen duena eta, haurrek ere bera ikusteko arazorik izango ez dutena. Al duen
gutxien mugituko da, beharrezko kasuetan salbu. Behatzailearen rola hartuko du
haurrak konturatu gabe noski, eta segurtasuna emango du bere presentziarekin soilik.
Hezitzaileak zer behatu behar duen jakin beharra du, horregatik puntu edo
pauta batzuk kontutan izan behar ditu hala nola,
- kontzentraziorako kapazitatea,
- jolasean parte hartzen duen,
- materialak nahasten dituen edota aspertzen den,
- jasotzeko garaian parte hartzen duen ,
- iniziatiba duen,
- jolaserako giro lasaia eta isilezkoa mantentzen duen,
- beste haurren presentzia onartu eta errespetatzen duen.
- ...
Haurrak askatasun osoz ariko dira objektuekin jardunean, aztertzen eta
bakoitzak bere modura konbinatzen. Ondoren, gerta daitezkeen ekintza batzuk
aipatuko ditut:
ireki-itxi…
sartu-atera…
gehitu,pilatu…
jaurtiki…
banatu…
kolpatu…
itsasi…
biratu arazi…
poteari dagokion tapa aurkitu…
etab.
Bigarren zatian, objektuak jasotzen dira. Haurrek lurrean dauden objektuak hartu
eta bakoitza dagokion poltsan sartuko dituzte irakaslearen laguntzaz. Atal honetan,
helduen lana da haurren zereginaren nondik norakoa bideratzea. Haurren
mugikortasuna lantzen du, objektu gehienetarako toki batetik bestera joateko ekintza
burutu beharko baita. Pentsamendua estrukturatzen lagunduko die objektu bakoitza
dagokion poltsan sartzeko sailkatzen dituztenean. Hasierako zatian ez bezala, non
helduak begirale ixilaren rola betetzen zuen, oraingoan bere hitzek haurren ekintzak
zuzenduko ditu.
Familiaren laguntza eta inplikazioa ere garrantzitsua dela azpimarratu behar
dugu bai materiala lortzeko garaian, bai ideia berriak emateko garaian ere.
Hezitzaileok gonbidapena luzatuko genieke.
Saio hauek astean bi aldiz egitea komenigarria litzateke eta 20-30 minutuko
iraupena izango dute. Iraupena malgua izango da, haurren jarreraren arabera. Haurrak
aspertzen hasten badira edota interesa galdu dutela jabetu bagara, saioa bukatutzat
emango dugu. Gustura ari badira aldiz, pixka bat luzatu daitezke baina, jasotzerako
orduan ere gustura arituko direla ziurtatuz.

Teoria hau guztia alde batera utziaz eta praktikan pixka batean murgilduz, zera
aipatu behar da, haurrei eskeintzen dizkiegun materialak funtsezko garrantzia dutela.
Hau da, kontutan izan behar dugu zein material eskeintzen dizkiegun, berauek egokiak
diren, kopuruak nahikoa diren, ditugun helburuak lortzeko bat datozen...
Jolas honekin hartueman gehiago izan dudanean “arazotxo” batetaz ohartu
naiz: hasiera batean haurrei jolas hau aurkezten diezunean, oso arretatsu eta
kontzentratuta egoten direla, dena berria baita beraientzat. Baina denbora iragan ahala
zeraz konturatzen zara, haurrak aspertzera iritsi daitezkeela beti material berdina
manipulatzeaz edo esperimentatzeaz. Beraz, maiztasun batez materialak aldatu egin
behar dira, haurrak aspertzen hasiak direlako, motibaziorik sortzen ez dielako edota
interesa beste leku batean jarria dutelako...

Aurreko argazkietan ikusten den bezala, batzuetan haurrak ez dute eskeinitako
materialarekin interes handirik agertzen, hau aspertzearen seinale garbi bat izan
daiteke. Beraz, beste aukeren bila joaten dira, txirristara, sukalde txokora; gertatu ohi
izan da ere haurrek beste nonbait izatea euren interesa une horretan. Adibide bat
jartzearren, azkeneko argazkian argi ikusten da egun horretako kazkabarra saioak,
normala den bezala, askoz ere interes handiagoa zuela jolas heuristikoak baino....
honekin zera esan nahi dut, badaudela egoera batzuk kontrolaezinak direnak, ez
daudenak hezitzailearen esku, beraz, normala den bezala, beti ere ez da batek nahi
lukeen bezain ongi ateratzen jolasa hau, haurrei arreta beste zerbaitek edo norbaitek
sortarazten dienean behintzat.
Manipulatzeaz aspertu diren egoeren aurrean soluziorik onena materialaren
aldaketa da, interes berriak piztea, esperientzi berriak eskeintzea...
Gerta daiteke ere haur batzuei material mota batek bere textura edo taktua,
itxura, ... e.a-engaitik ez erakartzea, adibidez Telmok ez du inoiz zapiekin jolasten,
seguruenik ez zaio taktua gustatzen...
Hala eta guztiz ere garrantzitsua da jolasa noiz amaitu behar den jakitea.
Haurrei ez zaie sekulan jolas honetara jolastea behartu behar, beraz, taldea oso
motibatuta ez dagoenean, bigarren fasera pasatzea komenigarria da, hau da, material
bakoitza bere zakuan jasotzearena. Geroz eta arrakasta gutxiago baldin badu jolasak
astean bi egunetan burutu ordez, astean behin burutzera pasa beharko litzatekeela
uste dut.

No hay comentarios:

Publicar un comentario